XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Suitzarrak italiarren ordez

1991ko lehen Tour hartatik 1993ko hirugarrenera bitartean gauzak aldatu egin dira... okerrera noski aurkarientzat.

Italiarren iturria agortu ondoren orain suitzarrei zegokien errelebua hartzea.

Alex Zulle eta Tony Rominger suitzarrei Espainiako Vueltan egindakoa Frantziako Tourrean ere erakustea tokatzen zitzaien.

Protagonistak aldatu egingo dira, ibilbideak ere izango du aldaketatxoren bat, baina 93ko Tourrean ere gauza bat ez zen inola ere aldatuko, irabazlearen izena: Miguel Indurain.

Bere nagusitasuna berriro ere erabatekoa izango zen.

Le Puy du Fou-ko prologoan horiz jantzi zen eta Parisen ere horrelaxe amaitu zuen.

Dena dela, Vannes-en utzi egin zuen maillot hori, Madine lakuan berreskuratu eta Paris arte jarraitzeko.

Errepidean ezarritako nagusitasun horri bere kontrarioen zorigaitzak gehitzen badizkiogu sailkapen nagusiko islada aterako zaigu.

Erlojupekoak erabakigarriak gertatuko ziren berriro ere, baina mendian ere, munduko eskalatzailerik onenak, Tony Rominger suitzarrak, hiru segundo soilik atera zizkion, Saint Laryko igoeran atera zizkionak hain zuzen.

Alpeetan Tony Rominger bi etapatan garaile atera zen, baina Indurain beti gurpilean zuela.

Espainiako Vuelta bi alditan irabazi zuen txirrindularia alde guztietatik erasoak jotzen saiatu zen, baina alferrikakoa gertatzen zen.

Tourreko lehen etapetan, Madine lakuan korritu zen bederatzigarren etapako 59 kilometroko erlojupekora bitartean, izugarrizko abiadan ibili ziren txirrindulariak.

Sailkapen nagusirako posibilitaterik ez zuten taldeek, beren gizon azkarrak botatzen zituzten aurrera, etapako garaipen eta maillot horiaren bila.

Horrela, Amiensen amaitu zen etapan orduko 49,417 kilometroko bataz bestekoa atera zuten.

Inork ez zuen aurrera begiratzen, etorkizuna inori ez zitzaion axola.

Nelissen, Cipollini, Musseuw hor sartu ziren borroka basati horretan eta azkenean bazterrean amaitu zuten.

Rominger eta Clas taldeak taldekako erlojupekoan denbora asko galdu zuten.

Abraham Olano eta Arsenio Gonzalez erretiratu egin zitzaizkien istripuz eta bi txirrindulari gutxiagorekin korritu behar izan zuten.

Minutuko zigorra ere ezarri zioten Clas taldeari.

Bestalde Etxabek zulatua izan zuen eta Gaston gaixorik zegoen.

Ondorioz Clas taldeak denbora dexente galdu zuen bitartean Banesto ongi moldatu zen, zazpigarren gelditu zelarik erlojupeko horretan.

Madine lakuan Indurainek bereak eta bi egiten jarraitu zuen.

Erlojupekoa irabaziz Gianni Bugnori 2:11 sartu zizkion.

Ez zen Luxemburg-ekorik gertatu baina kilometro kopurua eta korritzeko era kontuan hartuz, ondorioak berdintsuak izan ziren.

Breukink 2:20ra gelditu zen, Rominger 2:42ra eta Chiappucci 5:18ra.

Italiarrak Tourrean beheraka hasita zeuden eta Rominger, gauza bat zela eta ez zela, bost minutura zegoen eta horrelaxe geldituko zen azkenean ere.

Alpeetako bi etapetan Miguel Indurainek Tony Romingerren gurpila zaindu zuen.

Romingerrek irabazi zituen bi etapak, Serre Chevalier eta Isola 2000 gainekoak, baina Miguel Indurain ere hantxe sartu zen suitzarraren gurpilean.

Miguel Indurainek taktikoki ere Romingerren taldeari berea atera zion.

Izan ere Clas taldeak, izugarrizko lana egin baitzuen La Bonnette-Restefond igotzen.

Horrela, Romingerrek sailkapen nagusiko bere postua ziurtatzen zuen eta Indurainek lidergoa.

Alpeetako lehen etaparen ondoren, bigarren zegoen Breukink holandarrari 1:35eko tartea ateratzetik, Alvaro Mejiari 3:08 ateratzera pasa zen.

Eta bigarren etapan, Isola 2000 gainean amaitu zen horretan, tarte hori 3:23ra handitu zen.

Pirineoek ez zuten eragin handirik izango eta Romingerrek 5:44ra jarraitzen zuen.

Miguel Indurain eta Banestok ihesaldiak bere horretan uzteko ez zuten eragozpenik jartzen.

Ordekan ezezik aldapan ere berdin, Andorrarako bidean gertatu zen bezala, Pirineotako lehen etapan.

Pirineotako bigarren etapan, Andorra-Saint Lary, Indurain nahiko larri ibili zen, baina bere onera etorri zen eta ez zuen arazorik izan.

Egun txar batean Jaskula eta Romingerrek hiru segundo bakarrik atera zizkioten.

Betaurreko beltzak, aurpegi patxadatsua, sufrimendu aztarnarik eza eta irabazitakoan nabari zaizkion keinu adierazgarri soil batzuk, horiexek eragozten dute Miguel Indurainen barne-mundurako sarrera.

Eragozpenak izan ohi ditu, baina ez du denborarik galtzen ez da lur jota gelditzen.

Frantziako Tourrean izan ditu egun txarrak, baina ez dira nabarmenak izan eta inor gutxik igarri izango zituen.

Pirineoetan, Tarbe eta Pabe artean, izango zuen oraindik ere ezustekorik.

Jaskula eta Romingerrek erasoa jo zioten Tourmaleten gora, bere mendatean, agian Frantzia osotik ongien ezagutzen duen mendatean.

Igoeran joaten utzi zien Indurainek eta horrela, suitzarrak Tourmalet gainean berrogeita hamar segundo ateratzen zizkion.

Baina Miguel Indurainek jaitsieran, 91ko Tourreko garaipena bideratu zuen mendate berean nahiz eta oraingoan bestaldeko jaitsieran izan, berehala harrapatu zuen.

Erraztasun osoz Indurainek Romingerren ahalegina alferrikako bihurtu zuen.

Besteentzat zaila dena beretzat erraza bihurtzen du nafarrak.